HISTORIA

ZENBAIT DATU

BABESLEAK

HARREMANETARAKO

                                         zenbait datu

San Sebastian Circuit Spiriten bosgarren edizioa Gipuzkoako eta Nafarroako errepideetan barna ibiliko da.

Donostiako Gipuzkoa plazaren inguruan izango da irteera, eta ondoren, autoen karabanak Lasarte-Oriarako norabidea hartuko du; handik Hernani aldera abiatuko da, garai bateko zirkuituaren eremuak zeharkatuz, eta azkenik, Nafarroako erkidegorantz joko du.

Rallyaren lehen zatia, aurreneko kilometroetan, Urumea ibaiaren iturburuaren eta hasierako tarteen ertzetik doan errepidetik igaroko da. Bidean Fagollaga nahiz Ereñotzurekin egingo dugu topo, eta Pagoeta aldean, Nafarroako erkidegoan sartuko gara. Han, Goizuetak hartuko gaitu. Mendiz inguratutako herri hori primerakoa da hango paraje berdeetan murgiltzeko eta muinoetan aurkituko ditugun cromlech ugariak ezagutzeko. Basakabi jatetxearen bidegurutzera iritsita, Urumea ingurua utzi, eta Malerreka bailaran sartuko gara.

Malerrekan topatuko ditugun herrietako bat dugu Ezkurra izenekoa; hain zuzen ere, uste da udalerria kokatu zuten tokian ezkurrak ematen zituzten zuhaitz ugari zeudela, eta hortik datorkiola izena.

Sona handikoak dira Zubieta eta Iturengo inauteriak, herri biek batera ospatzen dituztenak. Urtarrileko azken asteko astelehenean eta asteartean bi herriotako joaldunek desfilea hasten dute: astelehenean Zubietakoak Ituren aldera abiatzen dira, eta asteartean Iturengoek bisita bueltatzen diete Zubietakoei.

Malerreka eskualdeko udalerri nagusia Doneztebe da. Erdi Aroan merkatarien herri bat izan zen hiribildu hori, eta Doneztebeko bailaran dago, hainbat mendiren babesean.

Goizeko zatia amaitzeko, toki berezi batera hurbilduko gara: Irrisarriland abentura parkera. Han, inguruneaz gozatzeaz gain, eguerdiko bazkaria egingo dugu.

Arratsaldeko zatian, Bidasoaren ibaiertzak izango dira protagonista. Hain justu haren ibaiertzetan dugu Bera, Gipuzkoarekin eta Frantziarekin muga egiten duen herri eder eta pintoreskoa. Herrigune historiko oso interesgarria du, ondare-balio handiko eraikinez betea.

Bidasoa ibaiaren bazterrak jarraituz, Endarlatsako zubia gurutzatu eta Gipuzkoan barneratuko gara berriro, ibaiak Espainia eta Frantzia arteko muga natural gisa protagonismoa hartzen duen tokira. Behobiara eta Irunera iritsi, eta Hondarribian amaituko dugu, Bidasoa ibaiaren bokalean, Kantauri itsasoan. Hondarribiak kokapen estrategikoa zuenez, Frantziako erresumarekiko mugan, oso gerra-paper nabarmena jokatu zuen mendeetan zehar. Gipuzkoan hobekien kontserbatu den harresiak inguratzen du Hondarribiko alde zaharra, eta haren kaleek trazadura laukitua dute, Erdi Aroan sortutako hirien bereizgarria. Gaur egun, iragan historikoaren aztarna ugari ditu hiriguneak.

Beste gune interesgarri bat San Pedro kaleko ingurua da, non arrantzaleen etxe tipiko eta xarmagarriak ikus daitezkeen. Haien beheko solairuak tradizio eta ospe handiko taberna eta jatetxeek hartu dituzte hein handi batean.

Hondarribiko jai nagusia Alardea da. Irailaren 8an ospatzen da, eta gogorazten du nola egin zuen hondarribiarren alde Guadalupeko Ama Birjinak 1638 urtean, Frantziako armadaren aurka garaipena lortzeko.

Jaizkibel mendia baliatuko dugu gure ibilbidean Hondarribia eta Lezo lotzeko; izan ere, balio arkitektoniko eta historiko handiko hirigune zaharra du herri horrek ere.

Lezon ezinbestean egin beharreko bisitetako bat Kristo Sainduaren basilika gotikoa da. Donejakue bidearen kostaldeko ibilbidean dago tenplua, eta aldarean dagoen Kristoren irudiak egin du ezagun: Europan hiru irudi baino ez daude Jesu Kristo gurutziltzatua bizarrik gabe irudikatzen dutenak, eta Lezokoa da horietako bat.

Donostia dugu zain; tamaina ertaineko hiri kosmopolita da, nabarmentzen dena bere gastronomiagatik, Ondarreta, Kontxa eta Zurriola hondartzengatik eta estilo paristarreko eraikinengatik.

Gipuzkoako hiriburura inguratzen diren guztiek gehien bisitatzen duten tokia Alde Zaharra da. Urgull mendiaren babespean dago, kaiaren eta Urumea ibaiaren bokalearen artean, eta 1813ko sutearen ondoren eraiki zuten. Hango kaleak denda, jatetxe eta tabernaz beteta daude, barrak gainezka dituztela, hiriari halako ospea eman dioten pintxoekin.

San Sebastian bezperako eta eguneko danborradak direla, Aste Nagusia dela, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Nazioarteko Zinemaldia eta urtean zehar izaten diren hainbat eta hainbat ekitaldi direla, Donostia edozein unetan bisitatzeko moduko lekua da. 2022 urterako, Donostia Gabonetako Europako Hiriburu izendatu dute.